XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Telebistak udazkenerako programazio berria aurkeztu du

EITBko zuzendariez gain Mikel Lejartzak ere egin zuen aurkezpena

Udazkenerako prestatu duen programazioa aurkeztu zuen ETBk Iñaki Zarraoa EITBko zuzendari nagusia, Luis Alberto Aranberri ETBko zuzendaria eta programazioburu den Mikel Lejartzaren eskutik.

Irailaren 19an ikusiko den programazioak hainbat berrikuntza izango ditu bi kateotan.

Informazio zerbitzuetako berrikuntza nagusia Euskadi zuzenean izeneko saioa da ETB1ean, bigarren katean Euskadi en directo izena duena.

Luis Alberto Aranberrik atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, Euskal Herriko edozein puntutik zuzenean emango dituzte berriak eguerdiko Gaur Egun eta Teleberriren aurretik.

Horretaz gain, Goenkale telesaio berria denboraldi honetarako ETBk egin duen apustu handienetariko bat dela adierazi zuen ETBko zuzendariak.

Egunero eskainiko dute eta etxean egindako ekoizpena izanik beste pauso bat eman du kalitateari dagokionez.

Halaber, Superbat programa nabarmendu zuen udazkenean berrikuntza handiak izanen baititu, besteak beste Helene telesaila, Europa mailan ezaguna dena.

Saio berriak dira, bestalde, Amaren etxea telekomedia, Firin Faran eztabaida saioa eta Goraintzi igandeetako magazina.

ETB2an, berriz, filmeak eta telesailak dira udazkeneko programazioaren arrakastarako tresna nagusiak.

Berrikuntza, Euskadi en directo saioaz gain, Patxi Alonsok aurkeztuko duen El Pelotazo saioa da, nahiz eta ETBko arduradunek programa honen edukina sekretupean gorde nahi duten datorren ostegunean estreinatu arte.

AUDIENTZIA LORTZEKO ASMOZ

Azken hilabeteotan ETBko bi kateek audientzia igoera nabarmena izan dutela aipatu ondoren, Iñaki Zarraoa EITBko zuzendari nagusiak programazio berriarekin hiru helburu nagusiri eutsi nahi diela azpimarratu zuen.

Alde batetik, barne produkzioa da ETBren erronka bere ustez, horretan jarri baitute ahaleginik bereziena.

Izan ere, Espainiako Estatuko telebista kateekin alderatuz gero, Euskal Telebistak du barne produkzio handiena orain arte eta programazio berriarekin oraindik handiagoa izango da adibide garbiena Goenkale delarik.

Beste helburu bat giza programazioa da, enpresa publikoa izanik programazioaren bidez gizartearen oniritzia jaso behar baitugu Zarraoaren ustez.

ETBn emititzen diren hiru ordutatik bat giza programazioarenak dira, dibulgaziozkoak eta informatiboak.

Hasieratik erabaki zuten morboari eta pertsonen barne egoeratan finkaturiko informazioari uko egitea.

Azkenik, audientzia dute helburu, ehundik hogei lortzea da helburua Zarraoak aipatu zuenez, eta programazio berria horretarako tresna izango dela espero du.

LORAZAINTZAZ PROGRAMA TVE-N.

TVEk Verde que te quiero verde lorazaintzari buruzko programa eskainiko du eguerdiro astelehenetik ostiralera lehenengo katean.

Egunero hamalau minutu iraungo duen programa Argiñanorenaren aurretik eskainiko dute.

Javier Artetxe bilbotarrak aurkeztuko duen telesaioak lore eta landaren munduan sartu nahi ditu ikus-entzuleak.